Skip to main content

Lau hilabete izango dira laster azkeneko zuzeneko emanaldia eskaini genuenetik; Durangoko San Agustin antzokian izan zen, maiatzaren 25ean. Beste hamabi emanaldi eskaini genituen, aurretik, urtarril hasieran Larrabetzun lagunartekoa egin eta ondoren Azpeitiko Soreasuko estreinaldiagaz ekin genionetik.

Halakoetan ohi den bezala, ilusioz, zalantzaz eta emozioz betea izan zen eszenaratzearen prestaketa aldia. Oier Zuñigaren laguntzagaz batera eta mimo handiz landu genuen oholtzaratzea, Azpeitiko Dinamoan lehenengo eta Soreasun ondoren, goian edo behean zuzeneko lan-taldea osatzen dugun bostok: Igor Elortza bertso-kantaria, Rafa Rueda eta Álvaro Olaetxea musikariak, Gaizka Izagirre argi eta bideo teknikaria, eta Jose Lastra soinu teknikaria. Lehenengo emanaldiak lotuagoak izan ziren, zelan ez, oraindik guztiz menperatu bako ertz askori adi egon beharrari ikus-entzuleen harreraren gaineko ezinegona gehituta.

Emanaldiek aurrera egin ahala, baina, arreta zein harrera polita gureganatuz gindoazela ikusi genuen, eta bertso-kantak gorpuztu ahala oholtza gainean geroago eta erosoago ere sentitu ginen. Asko gozatu genuen zuzeneko lehenengo aldikada hura.

Tartean, ondoko herri hauetan ere izan gara: Zarautz, Elorrio, Iruñea, Villabona, Bilbo, Oñati, Hernani, Amurrio, Markina, Igorre eta Lesaka. Osotara, 1.500etik gora anonimo popular izan zarete emanaldi horietan ikus-entzule. Pozik gaude!

Eta pozik gatoz berriz hemen gaudela-eta, udazkeneko bira iragartzera. Urritik abendura bitartean, Arrigorriaga, Arrasate, Ondarroa, Lezo, Sopela, Donostia, Andoain eta Ataunen izango gara. Jendaurrerako zirrara gurekin da berriz ere. Gogoz gaude.

Bien bitartean, baina, ez gara geldirik egon. Grabazio berri bi egin ditugu udan, eta datozen asteetan sareratuko ditugu, gure kanalen bitartez. Laster arte, beraz, sareko zein aurrez aurreko lagun guztioi.

[Bideoa: Gaizka Izagirre]

 

Inor Anonyme Popular

Author Inor Anonyme Popular

More posts by Inor Anonyme Popular