Skip to main content

Andoaingo Bastero antzoki dotorean izan ginen joan zen abenduaren 1ean, euskal politika arloko notiziaz beteriko astean. Hona bertarako jarritako bertsoak.

 

ANONIMO POPULARRARENAK 22
Andoainen, 2023ko abenduaren 1ean

Anonimoak egunik egun
galduagatik tankera,
tarteka badu egutegiaz
arduratzeko aukera.
Gaur, irratitik koblak kantatuz
Laboarekin batera,
konturatu da iritsi dela
abenduaren 1era.

Aste bizia izan da, gero!,
gogoratu hasiera;
EBBk zelan bidali zuen
Lehendakaria kalera,
ta Urkulluren ondoren joan
egin da Otegi bera…
Hau ez da ziklo aldaketa, da
mundu baten akabera.

Gero, gainera, entzuten duzu
Ortuzar Radio Euskadin,
Lehendakarigai berria dela
retrato robotak made in…
Anonimoak beretzat dio,
ezin ote zuten berdin
inteligentzi artifizialaz
modernoagoa egin.

Aurrera doa, baina, mundua,
ta bere berri-haizea,
feminismotik batuz jatorri,
genero eta klasea.
Ez zen erraza atzoko greban
aterkiak zenbatzea…
Marka da, gero, hain eguraldi
patriarkala tokatzea!

Anonimoa ere kalera
joan zen manifestaldian.
Etxera bueltan horrexegatik
harrituko zen agian:
Jendetzak zeuden Boulevardean,
Sarasaten ta Gran Vian,
ta ETBko kazetariak
bakarrik Groenlandian!

Laboarekin hasi du eguna
ta heltzean eguerdia
grebako kanta dantzagarriak
astindu dio gerria.
Anonimoak hala pentsatu
du sikatuz izerdia:
amai dadila urtea, ta has
dadila mundu berria!

Inor Anonyme Popular

Author Inor Anonyme Popular

More posts by Inor Anonyme Popular