Skip to main content

Ataunen agurtu genuen 2023ko udazkeneko bira, urteko azken emanaldia eginez, bertako Herri Antzokian. Euskararen Eguna izatea ere gertatu zen, UEMAko lehendakaritza hartu berri duen herrian. Hauexek dira egun hartarako jarritako bertsoak.

 

ANONIMO POPULARRARENAK 23
Ataunen, 2023ko abenduaren 3an

Gaur goiz jaiki da anonimoa
pozik agurtuz jendea,
jakinagatik globala dela
mundua eta mendea,
bi estaturen menpe dela ta
kontra duela legea,
aberri egunik baldin badago
egun hau baita berea.

Gudari bat lez doa kalean
euskaraz agurtuz zeinahi,
demokrata bat edo bi ere
urduritzeraino, ernai.
“Kaixo” ta “Agur” esaten die
detonatuz bi lehergai;
hitza da beti bere bozka ta
batzutan bonba ere bai.

Biolentoa baita euskara
ziudadania sainduan
ta politiko profesionalen
itxurakeri zainduan;
oso polita txapa jartzeko
abenduaren 3an,
ta berokia urte osoan
gordetzeko armairuan.

Anonimoa nekatu baita
zai ta zai, “Gora!” ta “Biba!”,
noizbait helduko omen den euskal
errepublikai begira…
Entzun duenez Ataun aldean
erdindependente dira,
ta UEMAko lehendakaria
agurtzera etorri da.

Jaun txit gorena ohoratuta
Goierritik irtetean,
Azoka laster hor izango du,
bi eguneko epean;
inperioen ta diruaren
mundu beltz gerraz betean,
bake apur bat topatuko du
artearen aterpean.

Esamoldeak hala baitio:
izena duena bada;
euskal kulturan artepetzeko
leku aproposa da DA!.
Hurrengo astean berriz mundura
irtengo da, beharbada,
literaturan eta musikan
erbesteratzen ez bada.

Inor Anonyme Popular

Author Inor Anonyme Popular

More posts by Inor Anonyme Popular