Skip to main content

Joan den martxoan iragarri genuen moduan, maiatz-ekainean egingo ditugu azken agurrak, talde osoak, Gasteizen, Baionan eta Bilbon eskainiko ditugun zuzenekoekin.

Agurtu aurretik, baina, azken aurreko egitasmo ederra dugu esku artean: EEBB-etara bidaiatuko dugu, Igorrek eta Rafak, bikote formatuan bi emanaldi egiteko bertan.

Maiatzaren 2an, Washingtonen arituko gara, Marylandeko Unibertsitatearen School of Languages, Literatures & Cultures-ek deituta, ‘Hesperia: a Cultural Quest’ ekitaldian. St. Mary’s Hall-ean izango da emanaldia, arratsaldeko 16:00etan.

Maiatzaren 3an, berriz, poesia, musika eta performance arteak landuz urtero New York hirian ospatzen den Kerouac Festival-ean parte hartuko dugu. Emanaldi hau The Francis Kit Club-ean egingo dugu, arratsaldeko 19:00etan.

Maiatzaren 4an, azkenik, New Yorkeko euskal komunitatearengana ere hurbilduko gara, Euskal Etxea-n arratsaldeko 19:00etan egingo dugun emanaldiarekin.

Esan gabe doa: New York-en edo Washington-en etxekoren bat edo ezagunen bat baduzue, gonbidatu itzazue, gure partez, pozik hartuko ditugu-eta.

Berezia izango da, guretzat, hitz esanaren munduko hiriburuan Anonyme Popular aurkeztea: poesia jazzistikoa, hip hopa, spoken worda sortu ziren hiriaren bihotzean; baita musikaren, zuzeneko ikuskizunen eta bideo-sorkuntzaren hirian. Gaur egun, hainbat hizkuntzatan adierazpide horietan diharduten artistekin, gainera.

Kerouac Festivalean guk parte hartuko dugun emanaldian bertan arituko dira, bestea beste: 93 urteko David Amram musikaria, Jack Kerouacen lagun izandakoa eta artista entzutetsuekin lan egindakoa; Bronxeko Mercy Tullis-Bukhari poeta afro-latinoa eta Puma Perl newyorktarra; Devin Brahja saxofonista eta Georgia Wartel Collin kontrabajista free jazz musikariak; eta Resurgent Forms bikotea.

Esker ona agertu gura diegu bidegile eta bidaide ditugun lagun guztiekin. Hasteko, Elizabeth Macklin estatu batuar euskaldunari eman behar dizkiogu eskerrak, asmo honen sustatzaile lanak ez ezik gure bertsoak englesera itzultzea ere bere gain hartzeagatik. Bigarrenik, Bob Holman spoken word munduko poeta, performer eta kultur eragile ezagunari, han leku bat badugula sinesteagatik. Hirugarrenik, Kirmen Uribe eta Urtzi Urrutikoetxeari ere bai, New Yorkera eta Washingtonera zubiak eraiki dizkiguten aspaldiko bi lagun sortzaileei.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu emanaldiak eurak lotzeaz eta antolatzeaz arduratu diren Marcos de la Fuente Kerouac Festivaleko eta Juan Uriagereka Marylandeko Unibertsitateko kideei (biak ere galiziar jatorrikoak), eta Euskal Etxeko zuzendaritza taldeko Aitziber Buque eta Myriam Múgicari..

Gogotsu gaude abiatzeko eta hango berri gehiago kontatzeko.

Inor Anonyme Popular

Author Inor Anonyme Popular

More posts by Inor Anonyme Popular