Skip to main content

Getxon eta Lizoainen izan ginen Aste Santuko oporren aurreko asteburuan. Muxikebarri zentro berri eta dotoreko Arrigunaga gunean, talde osoarekin, martxoaren 22an; eta, Lizoaingo ermita zaharrean moldaturiko Elizar kultur areto xume eta gozoan, bikotean, 23an. Ondo baino hobeto pasatu genuen batean zein bestean. Asteburu horretarako jarritako bertsoak dituzue hauek.

 

ANONIMO POPULARRARENAK 28
Getxon eta Lizoainen, 2024ko martxoaren 22an eta 23an

Anonimoa kostata dabil
betebeharrei ekiten.
Opor premia aski ez dela,
ez baitu erraz jakiten
eguraldia ote dabilen
sabotajea egiten:
jaka erantzi, euria hasi
jantzi ta eguzkia irten.

Eguraldia, klima, planeta,
Egun, mende eta urte…
Iberdrola ta Repsolek orain
greenwashingaz dihardute.
Anonimoak Galan, Imaz ta
hoietaz jakin nahi luke…
Beraien seme-alabentzako
zer pentsatu ote dute?

Ez da bakarrik eguraldia
gaur hotza, bihar epela.
Anonimoak kanta litzake
Txirritarenak bezela:
emakumeak ikusten ditu
hil egiten dituztela,
ta Dani Alves laster kalean
pasioan dabilela.

Gazari, berriz, nahita ere ezin
begiratzeari utzi.
Aldi berean, nahita ere ezin
begiratzeari eutsi.
Mendebaldeak duena zer da?
Lotsa asko? Lotsa gutxi?
Esku batekin tiro egin ta
bestearekin igurtzi.

Anonimoa ez zen, ordea,
beti sufritzeko jaio.
Korrika dela-ta egin ditu
lau arineketa saio.
Antza kontraste denak ez dira
kalterako, ze arraio!
Mundutik ihes egin nahi zuen
eta poza piztu zaio.

Jende arteko kolore-festan
bihurtuta harro herri,
gelditu gabe korritu gura
luke orain mundu erdi.
Oporrak ere badatoz eta
hor doa soin, zango, gerri…
Agian ez da berriz jakingo
anonimoaren berri.

Inor Anonyme Popular

Author Inor Anonyme Popular

More posts by Inor Anonyme Popular