Skip to main content

Joan zen urtetik hainbat saiakera egin eta gero, Ipar Euskal Herrian ibili ginen, joan den asteburuan, bikote formatuan. Gozatu ederra hartu genuen, hiru emanaldi eginez bi egunetan: ostiral bazkalondoan, Bernat Etxepare Lizeoan ekin genion, bertako terminaleko ikasleentzat; ostiral gauean bertan, Izturitzeko Artetxean jardun genuen, Pisoo & OPH raplari garaztar eta baionarrarekin batera, Irulegi Irratiaren aldeko gaualdian; eta, larunbatean, azkenik, Atharratzeko Prefostan (Agosti Xahoren sorlekuan!) egingenuen emanaldia, Korrika Kulturalaren baitan.

Pozik itzuli ginen. Guztira, berrehun lagunetik gora ikus-entzule izan genituen eta ondo baino hobeto zaindu gintuzten aretoetan zein etxeetan hartu gintuztenek. Tartean, Maulen maskaradak ikusteko aukera ere izan genune, gainera, aro ederrarerkin; ederregia, agian, otsaileko lehenengo asteburua izateko.

Ondokoak dituzue amanldi horietarako jarritako bertsoak

 

ANONIMO POPULARRARENAK 24
Bizkarsoron, 2024ko otsailaren 2an eta 3an

Anonimoa berriz
da etxetik kanpo,
Bidasoaz bestalde
egiteko salto.
Pausun baziren zenbait
polizia auto,
baina aise pasa da
zuria delako.

Anonimoak egin
ohi du zenbait bidai
bisitatzeko ahizpa,
nebarreba, anai…
Bidea guztiz libre
ez dauka nolanahi!
Mugarik ez omen da…
ordainlekuak bai.

Halere bizitzeko
egiten da lana,
eta hor doa berriz
bideetan barna.
Ez zaio damutuko
hurbildu izana
Harro Herriko gazte
ikasleengana.

Euskaraz ikasteko
borrokari ekin
behar bi mila hogeita
laugarrenarekin…
Zer kultura, zientzia
nahi duzu, ba, egin
deux plus deux lau direnik
ez dakitenekin?

Gaurko errektore hau,
lehengo Anti hura,
anonimoak laster
dakartza burura.
Euskalduna jaiotzen
bazara mundura,

armak desegitea
ere delitu da.

Egia ere bada
basak gara aizu!
Turistak ere laster
dira gure izu…
Pelegrinek esanda
deus ez badakizu,
Ortzaizeko radarrak
kontatuko dizu.

Radarrik gabe, beraz,
harantza-honantza
dabil anonimoa,
lan eta bakantza.
Dotoreziaz ez du
zamaltzainen antza,
baina berriz egingo
du godalet-dantza.

Izturitze, Atharratze
zein beste edonon,
ez balego egon ta
dagoenez bonbon!
Lehenago ere beti
egin baitio on
asteburupasatxo
batek Bizkarsoron.

Inor Anonyme Popular

Author Inor Anonyme Popular

More posts by Inor Anonyme Popular