Skip to main content

Zuiako Gatzetxean eta Berrizko Kultur Etxean aritu gara joan den asteburuan, Korrika Kulturalaren baitan. Gozo hartu eta ondo zaindu gintuzten, ostiralean, Zuiako Gaztetxean, eta, berdin larunbatean Berrizen ere, bertako teknikarien laguntza fin eta guzti.

Bi saio horietako bertso jarriak dira beheko hauek.

 

ANONIMO POPULARRARENAK 25

Zuian eta Berrizen, otsailaren 16 eta 17an

 

Anonimoa dabil,
gehienak bezala,
desberdindu ezinik
egunok joan ahala,
zer den ihauteria,
zer den karnabala,
zer den mozorroa ta
zer den erreala.

Goyak jotako astea!,
joan zen azkena…
espainiar zinemaren
asterik asteena!
Ezpainen eztia ta
Españen eztena…
Saria bada ere
gurea ez dena.

Traktoredunek, berriz,
hirira jeistea
beharrezko jo dute,
ozenduz eskea.
Lortuko ahal ditugu
bata ta bestea;
lurretik bizi, jan ta
lurra babestea.

Kontraesanetatik
hipokresiara
egin gura duena
doala Gazara.
Europa ta Estatu
Batuena jada
aurpegirik estali
gabeko lotsa da.

Tolosa ere hor da,
Gazatik honago.
Kaputxak ta pilotak
geure kargu, klaro!.
Jaurti kezkarik gabe…
Alderik ez dago
Cabacas bat gehiago
edo gutxiago.

Eskerrak herri hau den
memoriaduna;
Martxoak 3 ere
ahaztu ez zaiguna.
Memorialak hurbil
omen du eguna…
Lehenago egin zuten
Melitoniuma.

Eta Urkullu mutu,
lan asko izaki.
Arbolaren aurrean
zin dagi apalki.
Hauteskunde datarik
badaki? Ez daki?
Batzokian esango
ahal zion norbaiti!

Anonimoak hala
eman du astea,
pentsatuz hobe dela
erdiak ahaztea,
noizbait denok kareta
denak eranztea,
ta gero bakoitzari
berea janztea.

Inor Anonyme Popular

Author Inor Anonyme Popular

More posts by Inor Anonyme Popular