Skip to main content

Gipuzkoako kostaldean eta Goierrin izan gara joan den asteburuan. Ostiralean, otsailaren 23an, Mutrikuko Zabiel kultur etxeko ganbara ederrean, eta, larunbatean, Zegamako eskolako kiroldegian gure tramankuluekin antzoki txikia egokituta. Bietan ere jende-multzo polita eta giro gozoa topatu genituen, neguak etorrera berantiarra egin berri zuela. Bi saio horietarako jarritako bertsoak dira hauek.

 

ANONIMO POPULARRARENAK 26
Mutrikun eta Zegaman, 2024ko otsailaren 23 eta 24an

Anonimoak nahi du
popularra izan,
ta astea joan zaio
albisteen ehizan;
ez baita etxetik lar
irten, egia esan,
ibili den haizeak
eroan ez zezan.

ETB, Telecinco,
GARA, Diario…
Gauza batean denak
bat datoz! Serio?
Negu pixkat izango
Ei da oraindio…
Juez españolen batek
ezetz ez badio.

Irratiz entzun ditu
Julian Assangenak.
Eredugarri jartzen
dituzten kondenak;
ahaztu ditzagun denok,
eta ahaztu denak,
Iraken, Gazan, Suezen
gertatzen direnak.

Etxe salmentak, nonbait,
ez ei dio eusten.
Igual anonimoa
joango da ikusten…
Ez baitu jakiteak
ze prezio dituzten,
ez lekurik hartzen ez
poltsikorik husten.

Energetikak, berriz,
dirutzak helburu,
zergak direla-eta
haserre ditugu.
Iberdrolan, Pepsolen…
nor dagoen buru
noiz demontre bozkatu
ahal izango dugu?

Anonimoak, hatsa
eta hasperena,
gogoratu du data
hauteskundeena…
Apirilak hogeita
bat izango dena
ta Urkullu izan dela
jakiten azkena.

Tira, baina, gizona
entenditzekotan,
izan egin zitekeen
beste egun askotan!
Españan, Nafarroan,
EAEn, Europan…
Azkenik ez daukaten
Hauteskundeotan.

Kontu hori jadanik
Ikusiegia,
Anonimoak jo du
poztera begia…
Mutrikun itsasoa,
Zegaman mendia,
ea oroitzen duen
neguak egia.

Inor Anonyme Popular

Author Inor Anonyme Popular

More posts by Inor Anonyme Popular