Skip to main content

Oiartzuneko Landetxe kultur areto ederrean izan ginen joan den igandean, martxoaren 10ean, inauguratu zuteneko lehenengo urteurrenean, hain justu. Igande arratsalde euritsua izanik, barrualdean gozo eta lasai egon ginen, giro onean. Ordurako jarritako bertsoak dira hauek.

 

ANONIMO POPULARRARENAK 28
Oiartzunen, 2024ko martxoaren 10ean

 

Anonimoak astea eman
du aharrausi ta igurtzi,
goizez jaiki ta gauera arte
logurari ezin eutsi,
gauetan, berriz, insomnioak
ez dio lo hartzen utzi,
galdera larri asko baititu
ta oso erantzun gutxi.

Anonimoak ez luke gura
inozoa ematerik…
Itaun sinpleak sortzen dizkio
horrenbeste indarkerik.
Bidenek ba al du, Von de Leyenek
Erokorekak, esaterik
hainbeste bortxak nola ekarri
ote dezaken bakerik?

Nahikoa eta sobera baita
kalera irtetearekin,
kolpez desegin dadin hainbeste
propaganda ta marketing…
Zer gertatzen da osasun, zaintza
Ta zerbitzu sozialekin
Gero ibili behar badute
udaltzainak pistolekin?

Ta Arkautera doaz, gainera,
bihurtzeko tirolari,
Tolosan gazte bat errebotez
zauritu zutenei adi.
Anonimoak galdetzen dio
probabilitateari
nola ez dion sekula bueltan
jotzen bota duenari?

Gazan, ostera, goseak hilei,
bonbatuekin batera,
portu bat Chipren eginda omen
doaz jaten ematera!
Ta galdetzen du anonimoak:
errazagoa ez ote da
israeldarrak gelditu eta
Palestinatik atera?

Beldurrez dabil anonimoa
har dezaten tontotzako,
ta pentsamentu inozo hauek
gorde ditu beretzako.
Goian hain ondo daudenek behar
baitute behekoa txarto,
eta erantzun konplikatuak
galdera sinpleentzako.

Inor Anonyme Popular

Author Inor Anonyme Popular

More posts by Inor Anonyme Popular